XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Base (P kristala) eta emisore (N kristala) artean tentsio positibo txiki bat ezarriz gero, AB langa desagertarazi egingo genuke, kristalen PN juntura zuzen polarizaturik bailegoke.

Egoera honetan, emisoreko elektroiak base eta kolektorerantz erakartzen dira. Hala ere, kolektoreko potentzial positiboa basekoa baino indartsuagoa denez, lehenengoak erakarriko ditu, bati bat, elektroiak, led diodoa piztaraziko duen kolektoreko korronte (Ic) handia eta baseko korronte (IB) txikia lortuz.

Jakina, kolektorerantz edo eta baserantz bideratzen den elektroi-kopurua, kolektoreak basearekiko duen polarizazio positiboagoaren araberakoa da.

Bi tentsioak berdinak izango balira, ia elektroirik ez litzateke kolektorera iritsiko.

Honen arabera, kolektoreko korrontea aldakor bihur genezake, baseko korrontea aldatzearekin bakarrik.

Era berean, base-emisore diodoaren polarizazio tentsioa handiagotu ahala, kolektorerantz eroaten den elektroi-kopurua areagotu egingo da.

Ondorioz, tentsio honek, baseko korrontearekin batera, kolektoreko korrontea kontrolatzen duela esan liteke.

Konparazio bat eginez, base-emisore diodoaren polarizazioak, elektroiek zeharkatzen duten atea gehiago edo gutxiago zabaltzen duela esan genezake; atea ahalegin txiki batekin (baseko korronte ahula) irekitzea lortzen da, eta potentzial indartsuari eskerrak, kolektorerantz doan elektroi-kopuru handia nabarmentzen da.

Fenomeno honek, denboran zehar aldakorra izan litekeen edozein seinale ahul, esaterako, irrati-seinalea, telebista-seinalea, soinua, etab., elikatze-iturri bati esker lortutako korronte handiagoan, denboran zehar aldakortasun berbera duen uhina lortzeko aukera eskainiko du.

Hots, seinale ahulak seinale indartsuago bihur ditzakegu, esaterako, bozgorailuan soinua entzuteko edo eta telebistan, irudiak ikusteko.

7.11.3. Transistorearen egiaztepena

Transistorea egoera onean dagoela ziurtatzeko ohmetroa erabiliko dugu.

Polarizazio ezberdinen aurrean, transistorearen terminal ezberdinen arteko erresistentzia neurtuko dugu honekin. Ondorengo oharrak kontuan hartuko ditugu:

a) Egoera onean dagoen transistorean, ohmetroaren edozein polarizaziorentzat, emisore-konektore arteko erresistentziaren balioa beti oso handia izango da.

b) Base-emisore eta base-kolektore loturak zuzen polarizatuz gero, lorturiko erresistentziaren balioak txikia behar du izan transistorearen egoera ona bada.

7.11.4. Korronte eta tentsioak

Orain arte azaldutakoa laburtuz, honakoa esan daiteke: